XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zizur Nagusian geldituko da nafar txapelketaren karabana

J.A.

Iruñerriaren bihotzean, Zizur Nagusian, egingo du bere bigarren geraldia gaur Nafarroako Txapelketaren karabanak Sunbillako finalera daraman bidean.

Saioa arratsaldeko 4:30ean hasiko da Kultur Etxean.

Bertako, Iruñerriko bi bertsolari arituko dira kantuan: Nere Bruño eta Ekintza Landa eta horiekin batean Jesus Arzallus, Xabier Legarreta, Manolo Arozena eta Antonio Olano.

Saioak ingrediente bat baino gehiago ditu.

Alde batetik gaurko Nafarroako txapelduna eta txapeldun ohia daude taldean, esan bezala, Iruñerriko bi bertsolari gazte ere bai eta Legarreta eta Olano aranoarrak.

Lehena bertsolari gaztea da, 21 urte ditu eta bigarrena bertsolari helduagoa, orain Andoainen bizi dena.

Ohitura dugu urtero txapelketaren barruan Iruñea inguruan saio bat egiteko.

Iaz Atarrabian egin genuen eta aurrekoan Burlatan.

Erdal giroko herriak dira, baina bertsozale asko dutenak, esan zuen Joxema Leitzak, Bertsolarien Lagunak elkarteko arduradunak.

Jakina denez, joan zen igandean jarri zuten martxan Nafarroako aurtengo txapelketa Senperen.

Bittor Elizagoien klasifikatu zen zuzenean finalerako 421 punturekin eta Oskar Estanga geratu zen bigarren.

Hirugarren saioa Luzaiden jokatu da hilaren 23an eta kanporaketa sistemaren arabera, hiru kanporaketatik punturik gehien dutenak sailkatuko dira zuzenean finalera eta bigarren postua lortu dutenak Lekunberrin, apirilaren 6an jokatuko den finalerdira.

Hiru horiez gainera, puntuaketa onena lortu duten beste bostak ere sartuko dira saio horretan, aipaturiko hiru finalistez gainera beste bost aukeratu ahal izateko.

Finala Sunbillan jokatuko da apirilaren 13an, arratsaldeko 4.30ean, frontoian.

Altak eta bajak

Aurtengo txapelketari dagokionez, Mixel Aire Xalbadorren baja izan da aipagarriena.

Orain bi urte Alkatek eman zuen bajarekin, bi bertsolari ezagunen hutsunea nabari du Nafarroako Txapelketak.

Ordainetan, Joanes Arrosagaraik, Donibane-Garazaiko bertsolariak, berriro txapelketara itzultzea erabaki du aurtengoan, bospasei urteko atsedenaldiaren ondotik.

Debutante bat ere badu txapelketa honek: Mikel Altzuart, Arizkungo 25 urteko bertsolari gaztea.

Joan zen igandeko saioak Senperen 200 lagun bildu zituen, inork espero zuen baino jende gehiago, Joxema Leitzak esan zuenez eta erantzun beretsua espero dute gaur eta ondorengo saioetan ere, Luzaiden salbu beharbada, herri txikia baita eta inguruan herri handirik ez duena.

Nafarroan berri onik izan du aurten bertsolaritzak.

Iruñerriko udalen laguntzarekin Lontxo Aburuza ari da eskoletan bertsolaritza erakusten eta urte batzuetako etenaldiaren ondoren, Hezkuntza barruan plangintza bat onartzea lortu dute Euskara Batzordearen aldetik.

Manu Gomez arduratuko da D ereduko eskoletan eta ikastoletan irakasleak prestatu era ikasleekin lan egiteaz.